XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskara merkatal mundura plangintzak harrera aski ona izan du

DV. DONOSTIA

Euskara merkatal mundura plangintzak emaitza nahiko onak izan zituen 1995.ean, bertan parte hartu duten Udalek esan dutenez.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako bederatzi herritako eta Nafarroako Malerrekako eskualdeko 1.251 establezimendu komertzialek sinatu zuten hitzarmena, hau da, euskararen presentzia areagotzeko konpromezuren bat hartu zuten.

Herri horietan 2.732 establezimendu daude guztira eta, beraz, ia-ia erdiek eman dute aurrerapausoa.

Gipuzkoako Udal hauek eman zioten baietza plangintzari: Billabona, Ibarra, Ordizia, Orio, Tolosa, Lezo, Bergara, Hernani eta Lasartek.

Siadeco enpresak egin du plangintzaren diseinu eta segizioa, Udaletako Euskara Zerbitzuekin elkarlanean normalean.

Siadecoko iturriek aditzera eman dutenez, hau ez da kanpaina bat, plangintza baizik, luzatu egingo dena.

Dendarien autoinplikazioaren bitartez, euskararen presentzia haundiagotu nahi da sektore honetan, bai hitzez bai idatziz.

Publizitatean euskara gutxi

Dendaz denda egindako bisiten ondorioz, ikusi da publizitatearen arloan erabiltzen dutela dendariek euskara gutxien.

Aipatutako herri horietan, iragarkien %89 gaztelera hutsean egiten da; %8, gazteleraz eta euskaraz; eta %3 euskaraz soilik.

Errotuluetan erabiltzen da gehien euskara (%39,5), eta ondoren boltsa eta biltzeko paperetan (%24, 1).

Faktura eta bestelako barne-idazkietan ere euskararen presentzia oso murritza da.

Era askotako konpromezuak hartu dituzte establezimenduetako alduradun eta enplegatuek: batzuetan, errotulua edota idazkiak euskaraz ere ipintzea; bestetan, euskarazko klaseetara joatea.

Sektore nahiko euskalduna da hau.

Herri hauetan, euskarararen ezagupena bataz beste %55ekoa izanik, sektorekoa %58koa da.